Joan edukira
Menú principalMenú secundario
Euskadi.eus

SOLDATA-ARRAKALARI BURUZKO V. KONGRESUA ARAZOARI AURRE EGITEKO III. PLAN OPERATIBOAREN AURKEZPENAREKIN HASI DA

SOLDATA-ARRAKALARI BURUZKO V. KONGRESUA ARAZOARI AURRE EGITEKO III. PLAN OPERATIBOAREN AURKEZPENAREKIN HASI DA

egilea: Emakunde, 

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak Emakunderen laguntzarekin antolatutako Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresuak erakundeetako ordezkariak, gizarte eragileak eta adituak bildu ditu, emakumeen eta gizonen arteko soldata berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak eta gainditu gabeko erronka nagusiak aztertzeko.

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala murrizteko 2026-2030 Ekintza Plan Operatiboaren ildo nagusiak aurkeztu ditu Kongresuan. Eusko Jaurlaritzako sail guztiak inplikatzen dituzten 91 neurri biltzen dituen ibilbide orria da, enpleguari, hezkuntzari, berrikuntzari, zerbitzu publikoei, prestakuntzari, digitalizazioari eta berdintasunari bereziki lotutako jarduerak dituena.

2018. urtean onartutako Soldata-arrakala murrizteko Estrategiaren esparruan bultzatzen den hirugarren plan operatiboa da eta 2030ean Euskadi soldata-arrakala txikiena duen Europako herrialdeetako bat izatea du helburu.

Asteazken honetan BECen egin den kongresuaren irekiera instituzionalean, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak plan horrek eskatzen duen inplikazioa jarri du balioan: “Gure gizarteko eragile politiko, sozial eta sindikal guztien inplikazioa eskatzen duen erronka da. Eta horregatik azpimarratu nahi dut III. Plan Operatibo horretan lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako sail guztiak daudela inplikatuta”.

“Eragile guztien inplikazioa behar dugu emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatzen jarraitzeko erabakiak hartzean, estereotiporik gabeko lan eta hezkuntza ibilbideetan, enpresetan kontziliazio erantzukiderako neurriak ezartzean, zaintza lanak balioestean eta banatzean eta gizarte aldaketa eta, ondorioz, enpresa kultura sustatuko duen berdintasunean oinarritutako prestakuntzan. Soldata berdintasunaz hitz egiteak esan nahi du gizarteko esparru guztietan berdintasunaz hitz egitea. Berdintasunaz hitz egitea esan nahi du letra larriz”, defendatu du.

“Onartu berri den plan operatiboak ia 100 ekintza biltzen ditu, eta beste bi plan operatibo ditu aurrekari gisa, betetze maila handia izan dutenak. Nire ustez, aurrekaria garrantzitsua da, inplikatutako eragile gehiago eta gehiago sartu dituen lan batetik abiatu baikara. Lan horren azken helburua da 2030. urtean Euskadi soldata arrakala txikiena duen Europako herrialdeetako bat izatea. Herri estrategia baten aurrean gaude, horrek dakarren guztiarekin”.

Eusko Jaurlaritzak politika horiek denboran zehar mantentzeko duen konpromisoa berretsi du Lehendakariordeak. “Euskadi berdinzaleagoa izango da, halaber, Euskadi indartsuagoa, lehiakorragoa, kohesionatuagoa eta pertsona guztientzako aukera gehiago dituena; izan ere, soldata arrakala txikiagoa duen Euskadi, besterik gabe, Euskadi hobea izango da”, gaineratu du.