Berdintasun planak laneko arriskuen prebentzioan beharrezko urrats gisa erabiltzeko beharra gogoratu du Emakundek.
egilea: Emakunde,
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak eta Lourdes Iscar Osalaneko zuzendariak "Ibiliari bidea egiten zaio: LAPean genero-ikuspegia txertatzeko urratsak emanez" jardunaldia ireki dute gaur Bilboko Euskalduna jauregian.
Emakundek, Osalanek eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailak urtero sustatzen duten topaketa honek, bostehun parte-hartzaile inguru bildu dituenak, aukera ematen du hausnarketak eta esperientziak partekatzeko eta tresna praktikoak zabaltzeko, erakundeek errazago barneratu dezaten genero-ikuspegia laneko arriskuen prebentzioan.
Aurkezpenean, Miren Elgarrestak azpimarratu du jardunaldi horretan agerian geratzne den elkarlana, funtsezkotzat jo baitu "berdintasuna modu eraginkorrean txertatzea laneko segurtasunaren eta osasunaren kudeaketan, eta, horrela, lan-espazio seguru eta duinak bermatzea".
Emakunderen parte-hartzea berdintasun-planak laneko arriskuen prebentziorako tresna gisa azaltzean oinarritu da. "Oso tresna baliotsuak dira, arrisku psikosozialak ikusarazteko diagnostikoak eta neurriak eskaintzen dizkigutelako", azaldu du zuzendariak.
Ekonomiari dagokionez, prebentzioaren kudeaketan berdintasuna ezartzeak ere mesede egiten du, Elgarrestak azaldu duenez. "Absentismoa murrizten laguntzen du, talentua erakartzea eta atxikitzea sustatzen du, eta segurtasun juridikoa eskaintzen du, Lan Ikuskaritzak zigorrak ezartzeko duen arriskua gutxitzean".
Emakundeko zuzendariaren ustez, ezinbestekoa da enpresetan sexu-jazarpena gertatzen den kasuetarako jarduera-protokoloak izatea. Protokolo horiek aldian-aldian eguneratzen joan dira, "barneko bidea, isilpekoa eta azkar ebazteko, desagerrarazteko eta erreakzionatzeko bidea bermatzen dutelako, eta, gainera, enpresak indarkeria-mota horien aurka duen konpromisoa erakusten dutelako".
Emakundeko teknikariek, Ane Miren Fernándezek, Sonia Gonzálezek eta Andrea Núñezek jardunaldi honetako mahaiak koordinatu dituzte, eta Emakundek enpresei prozesu honetan laguntzeko bultzatzen dituen laguntza-ildoak ere zehaztu dituzte.
Berdintasun-diagnostikoa eta -plana egiteko dirulaguntzez gain (lan-osasuneko politikaren azterketa barne), iaztik beste laguntza-ildo bat dago genero-ikuspegidun prebentzioaren kudeaketari buruzko neurri zehatzak sartzeko. Neurri horiek, besteak beste, arrisku psikosozialak aztertzera eta sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzera bideratu behar dira, bai eta lantokietako espazioak genero-ikuspegitik berrikustera ere.
Saio honetan, halaber, kudeaketako berdintasun-praktiken bilatzailea aurkeztu da. Bilatzailea Euskalitekin egin da, eta, gaur egun, euskal enpresen 122 praktika ona biltzen ditu.


