Joan edukira
Menú principalMenú secundario
Euskadi.eus

Administrazioaren arauetan berdintasuna bermatzeko genero-eraginari buruzko txostenek duten garrantzia nabarmendu du Emakundek

Administrazioaren arauetan berdintasuna bermatzeko genero-eraginari buruzko txostenek duten garrantzia nabarmendu du Emakundek

egilea: Emakunde, 

  • Miren Elgarrestak Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren 90. urteurrena ospatzeko jardunaldian parte hartu du.
  • Emakundek aldez aurreko ebaluazioak egin behar ditu, legeek eta dekretuek genero-ikuspegia txertatzen dutela egiaztatzeko.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoaren 90. urteurrena ospatzeko jardunaldian parte hartu du.

Emakunde izan da bilera teknikora gonbidatu duten erakundeetako bat, eta nahitaezko txostenak egiten dituzten organoak bildu ditu, Emakunderen kasuan, Administrazioaren arau-proiektuetan berdintasun-printzipioa bermatzeko. "Onartuko den arau horrek emakumeen eta gizonen bizitzan duen eragina berrikusten dugu. Ebaluazio horiek bereziki garrantzitsuak dira, ekintza publikoaren fase guztietan genero-ikuspegia txertatzeko aukera ematen dutelako, diseinutik hasi eta emaitzen ebaluaziora arte ", zehaztu du Miren Elgarrestak.

Bere hitzaldian, Emakundeko zuzendariak txosten horien garrantzia nabarmendu du, "garrantzitsua delako inpaktu desberdinei aurrea hartzea eta ondorio negatiboak edo diskriminatzaileak saihestea. Horrela, politika publikoen eraginkortasuna hobetzen da; izan ere, genero-ikuspegia txertatzean, hobeto erantzuten zaie herritarren benetako beharrei".

Elgarrestak gogorarazi du Euskadi aitzindaria izan dela politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzen. "Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak euskal administrazio publikoen jardunean berdintasuna txertatzeko betebeharra ezartzen du. Esparru horretan, genero-eraginaren ebaluazioak funtsezko tresna bihurtzen dira printzipio hori eraginkor egiteko".

Zuzendariak Emakundek ebaluazio horiek egitea errazteko dituen material eta dokumentuen errepasoa ere egin du, hala nola Generoaren araberako eraginari buruzko txostenak egiteko gida edo arlo sozial eta ekonomiko askotan jarraibideak eskaintzen dituzten material sektorialak, berdintasun-politiken zeharkakotasunaren isla gisa.

Azken 20 urteetan, Emakundek 1.765 txosten egin ditu, eta kasuen % 67tan baino gehiagotan berdintasun-neurriak txertatu dira.

Miren Elgarrestak Berdintasunerako 2030 Estrategian sartzen diren 11 jomugak gogorarazi ditu. Helburu horiek lortzeko, "gure arauek genero-ikuspegia izan behar dute".