Joan edukira
Menú principalMenú secundario
Euskadi.eus

Emakundek biktimen arreta hobetzeko III. Akordioaren jarraipen batzordearen bilera deitu du azken hilketak aztertzeko

Argitalpen-data: 


      mesa_foto01.jpg
  • Biktimen arretan eta babesean inplikatutako alderdien informazio-bilketa indartu du, eta diskrezioa eskatu du ikerketan aurrera egiten jarraitzeko
  • Emakundek koordinatuta, Eusko Jaurlaritzako sei sailek, hiru aldundiek, EUDELek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak, Arartekoak, Legelarien Euskal Kontseiluak eta Medikuen Euskal Kontseiluak osatzen dute batzordea

 

Emakunderen egoitzan bildu da gaur goizean Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea egiteko erakundeen arteko III. Akordioaren Jarraipen Batzordea. Batzorde horren helburua da biktimei arreta ematen dieten erakundeen arteko koordinazioa, babes sanitario, polizial, judizial eta sozial integrala bermatzeko. Orion eta Gasteizen maiatzaren 16an eta maiatzaren 28an, hurrenez hurren, izandako azken hilketa matxistei buruzko informazioaren bilketa egin da.

Batzordea Emakundek koordinatzen du, eta Miren Elgarresta zuzendaria du buru. Honako sail hauek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako sei sail (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila; Segurtasun Saila; Osasun Saila; Lan eta Enplegu Saila; Hezkuntza Saila; eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila), Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia, hiru foru aldundiak, EUDEL, Arartekoa, Legelarien Euskal Kontseilua eta Medikuen Euskal Kontseilua; eta hainbat lantalde teknikotan hedatzen da.

Gasteizen gertatutako azken hilketari dagokionez, gertakarien egunetik Ertzaintza sakon aztertzen ari da, urtarrilean kasu horren berri izan eta ustezko hiltzaileak urruntze-agindua urratu zuenetik igaro den denboran gertatutakoa. Helburua da beharrezkoak diren protokoloak berrikustea eta emakumeen babesean inplikatuta dauden gainerako erakunde eta eragileekiko koordinazioa hobetzea: fiskaltza, epaileak, Estatuko Segurtasun Indarrak etab.

Batzordeak diskrezioz lan egingo du, aurreko kasuetan beti egin duen bezala, azterketan aurrera egiten jarraitu ahal izateko eta, batez ere, biltzen duen informazioarekin hobekuntza-puntuetan aurrera egin ahal izateko.

Batzordeak, era berean, erantzukizuna eskatu die komunikabideei, informazioa jasotzeko eskubidea balia dezaten, baina beti ere eraildako emakumeei buruzko datu pribatuak jendaurrean zabaltzea saihestuz, biktimei, haien senideei eta, batez ere, haien seme-alabei zor zaien errespetuagatik.

Informazio gehigarria