Joan edukira
Men principalMen secundario
Euskadi.eus

Emakumeak eraikuntzaren sektoreko obretan lan egiteko dituzten oztopoak azaltzen ditu ikerlan batek

2023-01-30

Emakundek urtero deitzen duen Lan eta Ikerketa Argitalpenen IX. Lehiaketaren irabazlea izan ondoren, gaur goizean aurkeztu du Ane Alonso arkitektoak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera, eraikuntza sektoreko obretako lanetan oso emakume gutxi egotearen arrazoiak aztertzen dituen ikerlana: “La ausencia de las mujeres en el sector de la construcción en los trabajos a pie de obra” . Elgarrestak nabarmendu du gure gizartean irauten duten genero-rol eta -estereotipoek arrakala handiak sortzen dituztela hainbat sektoretan, kasu batzuetan oso modu muturrekoan, eraikuntzaren sektorean egiten diren obren kasuan bezala. Azterlanaren arabera, sektorean emakumeen presentzia % 8koa  baino ez da, eta zuzenean obretan egiten diren lanetan, % 1era jaisten da kopurua.

Ikerketa sektoreko hainbat emakumeren (iturginak, arotzak…) benetako testigantzez hornitzen da, lanaren errealitatea obran bertan ezagutzeko eta emakume falta eragiten duten arrazoiak ikertzeko. Ikerketak agerian uzten du emakumeek eraikuntzaren munduan duten ordezkaritza urria genero-roletan eta estereotipo sexistetan oinarritzen dela, bai eta, oro har, emakumeek orokorrean jasaten dituzten lan-baldintzetan. Eta nabarmendu du sektorean dagoen erabateko segregazioa arazo ikusezin eta normalizatua dela. Hain zuzen ere, azterlanaren ondorio nagusietako bat da erabat normalizatuta dagoen errealitate bat izateak eragina duela egoera orekatzeko neurri gabezian eta emakumeei sektorean berdintasun-baldintzetan sartzeko eskaintzen zaien aukera mugatuan.

Elkarrizketatutako emakumeek hainbat lanbidetan egiten dute lan: igeltsero, iturgin, margolari eta arotz. Beren lanari buruzko estereotipo eta mito batzuk deseraikitzen dituzte, hala nola, horrelako lanetan behar den indar fisikoarena, emakumeen sarbidea zailduko lukeena. Aitortzen dute eraikuntzako lanak nekea dakarrela kasu askotan, baina, uste denaren kontra, ez dela indar fisiko gehiegirik behar. Gaur egun obran erabiltzen den makineriak nabarmen aldatu ditu lan gehienak egiteko behar diren eskakizunak. Haien hitzetan, ez da horrenbesteko indarrik behar eta ez da egia emakumeek ezin dutela indar hori garatu. Ikerketan, gaur egun eraikuntzan lan egiten dutenekin zerikusi gutxi duen langile tipoaren irudia deseraikitzearen alde egiten da.

Identifikatuta sentitzeko erreferenterik ez izatea da emakumeek hautematen duten oztoporik nabarienetako bat, lana emakumeentzat ez dela dioen mezua bidaltzen baitie. Estereotipoen batuketak (indarra, zikinkeria, arriskuak, irudia, gaitasunak, etab.) egoera bat eragiten du, zeinean oztopo horiek gaindituz sektorean sartzera ausartzen diren emakumeak beste lanbide batzuetan eta gizonak baino bi aldiz gehiago saiatzera kondenatuak sentitzen diren.

Ikerlaria

Ane Alonso (Bilbo, 1971) arkitekturan lizentziaduna da EHUn. 20 urte baino gehiago daramatza eraikuntzako lana eta lanbideari ekiteko beste modu bat bilatzen. Genero-ikuspegia txertatzeko prozesu parte-hartzaileen bidez, hirigintzaren eta arkitektura tradizionalaren praktika profesionala ikuspegi demokratikoago, parte-hartzaileago eta inklusiboago batetik berrikustea proposatu zuten arkitektoen lehen olatuaren kide da.