Euskadi.eus logotipoa

Ahalduntzea eta balioen aldatzea

 

Testuingurua

Gure gizartean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrerapen handiak egin diren arren, oraindik ere desoreka nabarmenak daude euren artean eskubideak, boterea, baliabideak eta onurak lortzeko, gauzatzeko eta kontrolatzeko orduan.

Patriarken sistemak botere harreman asimetrikoak bultzatzen ditu emakumeen eta gizonen artean: menderatze jarrera esleitzen die gizonezkoei, eta mendetasunezkoa emakumezkoei. Botere harreman horiek bizitzako alor guztietan agertzen zaizkigu, hainbat modutan: eremu pribatuan, adibidez, etxeko tratu txarrak emakumeak menderatzeko eta kontrolatzeko mekanismo bezala erabiltzen dira; eremu publikoan, berriz, pobreziaren feminizazioan, parte hartzeko eta erabakiak hartzeko prozesuetan emakumeak automatikoki baztertzeko joeran, baliabideak lortzeko ezintasunean eta abarretan ikus ditzakegu. Emakumeen Garapena Sustatzeko Nazio Batuen Funtsaren (UNIFEM) arabera, hain zuzen ere emakumeek erabakiguneetan duten presentzia da herrialdeen baliabide ekonomikoen arabera aldatzen ez den genero desorekaren adierazle bakarra.

Emakumeen eta gizonen harreman pertsonaletan eta sozialetan oreka handiagoa lortzeko, emakumeek genero harremanak berreraikiz lortu behar dute botere, erabateko autonomia eta herritartasuna lortuta.

«Ahalduntze» hitza ingelesezko empowerment terminoaren itzulpen literala da, eta «boterea areagotzea» esan nahi du; hots, pertsonal bezala indartzea eta norberaren egoera sozial, ekonomiko eta politikoa sendotzea.

Ahalduntzearen estrategia Emakumeari buruzko Nazio Batuen III. Mundu Batzarrean jada erabili zuten arren (Nairobi, 1985), IV. Mundu Batzarrean garatu eta sendotu zen (Pekin, 1995).

Honela defini genezake ahalduntzea: pertsonak bere bizitzari eragiten dioten baliabide eta erabakiei buruzko autoritatea eta boterea areagotzea.

Emakumeak, banaka eta talde gisa, euren egoeraren jabe egitearekin dago lotuta, horrela areagotu egingo dutelako erabakiak hartzeko prozesuetan duten parte-hartzea, bai eta boterea erabiltzeko eta eragina izateko ahalmena ere.

Banakakoa, emakumeek beren mendetasunari buruzko kontzientzia hartzeko prozesu pertsonala delako. Emakume bakoitzak ezagutzen ditu bere eskubideak, indarguneak eta interesak, eta horrela indartu egiten ditu bere autonomia eta botere pertsonala, eragina izateko eta erabakiak hartzeko ahalmena erabiltzeko asmoz.

Taldekoa, prozesu horretan emakumeen interesak lotzen direlako, eta taldearen egoera sendoagoa izanik, baliabide materialetara eta sinbolikoetara errazago iritsi daitezkeelako. Horrez gain, eragina izateko ahalmen handiagoa izango dute eta erabakiak hartzen eta gizartea aldatzen parte hartu ahal izango.

Ildo horretatik, prozesua ez da banakora mugatzen; taldearen eremura ere zabaltzen da. Emakumeek banan-banan egindako lana lagungarria izango da interes kolektiboen alde borrokatzeko; hau da, genero interesen alde.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeko 1. artikuluaren arabera, beharrezkoa da «bizitzaren arlo guztietan emakumeek eta gizonek aukera eta tratu berdinak izan ditzaten sustatzea eta bermatzea, eta, bereziki, emakumeen autonomia bultzatzea eta emakumeek gizartean, ekonomian zein politikan duten posizioa sendotzea». Gainera, 3. artikuluan Euskadiko botere publikoen jarduna zuzendu behar duten printzipio nagusiak daude jasota, eta horien arabera, botere publikoek «neurri egokiak hartu behar dituzte emakumeek eta gizonek eskubide politikoak, zibilak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, eta arauetan aitortu lekizkiekeen gainerako oinarrizko eskubideak, aukera berdinekin baliatzen dituztela bermatzeko, boterea eta baliabide eta etekin ekonomikoak eta sozialak eskuratu eta kontrolatzea barne». Legeak horren bidez adierazi nahi duena da aukeren berdintasunak ez duela eskubide, botere, baliabide eta onurak eskuratzeko baldintzetara mugatu behar, baizik eta horiek guztiak behar bezala erabiltzeko eta eraginkortasunez kontrolatzeko baldintzei ere eragin behar diela. Ildo horretatik, emakumeek horiek eraginkortasunez erabiltzeko eta kontrolatzeko neurriak ezartzeko beharra jaso du. Legean «ahalduntze» hitza agertzen ez den arren, inplizituki prozesu hori adierazten du. Halaber, III. Tituluko I. kapituluan emakumeen partaidetza sozio-politikoa bultzatzeko neurriak jasotzen ditu.

Ahalduntzea, beraz, boterea eskuratzeko estrategia bat da, erabateko autonomian eta herritartasunean oinarrituta dagoena. Era berean, emakumeek eta gizonek aukera berdinak izateko eta tratu berbera jasotzeko ezinbestean jarraitu beharreko prozesua da, berdintasun hori lortzeko beharrezkoa delako emakumeek eta gizonek alor publikoan eta pribatuan berdintasunez parte hartzea eta harreman ez-hierarkizatua izatea.

Helburu hori lortzeko, emakumeak ahalduntzeaz gain, formulak eta guneak sortu behar dira gero eta gizonezko gehiagok gune publiko zein pribatuetan maskulinotasunaren eredu tradizionala zalantzan jar dezaten, berdintasunaren aldeko jarrerak izan ditzaten, eta emakumezkoekin batera gizonak eta emakumeak batera garatzeko eta guztientzat mesedegarria den gizarte justuago eta parekatuagoa lortzeko konpromisoa har dezaten.

 

Euskadi, auzolana