Euskadi.eus logotipoa

Dagoeneko 114 enpresek jaso dute Emakundek ematen duen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde ziurtagiria

2020.eko azaroak 20


Emakundek antolatutako "Berdintasunaren arloko aurrerapenak enpresetan. Araudi berria eta esperientziak " jardunaldia ospatu da gaur goizean. Bertan, arlo horretan bai araudian zein hainbat esperientzien bitartez eman diren aurrerapenen berri eman da, online moduan, osasun egoera dela eta.  Jardunaldiak, halaber, enpresa asko berdintasunaren arloan egiten ari diren lana ikusarazteko balio izan du. Horrela, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde ziurtagiriakeman dizkiete zazpi enpresa eta erakunderi: Imatek (ingurumena advanced technologies), Talio Solutions, Landabe Ingeniaritza, Asfaltia, Achucarro Basque Center For Neuroscience, Bizitzen Fundazioa eta Innobasque. Hala, une honetan, Emakundek dagoeneko 114 enpresa eta erakunde aintzatetsi ditu bereizgarri horrekin. Helburua da beren antolaketan berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa hartzen duten enpresek eta erakundeek egindako lana aintzatestea, eta, horrela, gizarte- eta lan-arloko ekimen berriak sustatzea. Aitorpena lortzeko, entitateek beren enpresako berdintasunari buruzko egoeraren diagnostiko eguneratua eta berdintasun-arloko jarduera-plana aurkeztu dituzte. Era berean, konpromisoa hartzen dute abian jarritako ekintzen jarraipen-txostena bi urtean behin emateko.

Jardunaldia, halaber, duela gutxi onartu diren errege-dekretuetan jasotako betebehar berriak azaltzeko baliatu da. Izan ere, berdintasun-planen, haien erregistroaren eta soldata-berdintasunaren arloko betebehar berriei erantzuteko moduari buruzko interesa eta kezka eta zalantzak sortu dituzte. Balio izan du baita Emakundek bultzatzen duen Bai Sarearen bidez enpresen artean egiten den lankidetza-lana ezagutarazteko ere. Gaur Bai Sarearen barruan soldata-arrakalaren lantaldea osatzen duten pertsonek parte hartu dute jardunaldian.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak sare horren bidez enpresen artean sortzen ari diren sinergien garrantzia azpimarratu du, eta gaur egun bereizgarria jaso duten enpresa berriei sarearen parte izateko deia egin die.

 
Euskadi, auzolana