Euskadi.eus logotipoa

Beldur barik 2020ko lan irabazleek genero rolak eta estereotipoen haustura, emakumeen ahalduntzea eta gorputzen aniztasuna gaiak jorratu dituzte

Captura_de_pantalla_2020-11-20_a_las_17.27.18.png

2020.eko azaroak 20

 

2020ko azaroak 21

 

Gaur arratsaldean Beldur Barik lehiaketaren 11. Edizioaren zortzi lan saridunak ezagutzera eman dira Gipuzkoako Foru Aldundian streaming bidez ospatu den sari-banaketan. Programako Youtube kanalaren bidez zuzenean jarraitu ahal izan da.

Epaimahaiak adierazi duenez, lan saridunek Beldur Barik Jarrera ondo islatzea lortu dute eta horietan jaso diren mezuak argiak eta zuzenak izan dira. Gainera, gehienak taldeko lanak izan dira eta horrek hausnarketa prozesuak elkarbanatu direla esan nahi du.

Lehenengo kategoriako lan irabazlea, 12 eta 13 urte bitartekoei zuzenduta, Durangoko Fray Juan Zumarraga hezkuntza zentroko ikaslego talde bateak egindako Martxoak 8” izan da. Lan honetan nabarmentzen da neskek hartzen duten jarrera aktiboa, erantzun kolektiboa eta talde lana.

Ermuatik jasotako Eman buelta zure ipuinari lanak kategoria honetako aipamen berezia jaso du. Lan honen orijinaltasuna eta ikus-entzunezko garapena azpimarratu behar dira eta baita atzean egon den talde-lana eta adierazten den erantzun kolektiboa indarkeria sexistaren aurrean.

Bigarren kategoriari dagokionez, 14 eta 18 urte bitarteko gazteei egokitzen zaiena, lehenengo saria Ondarrutik jasotako Lerro berrien artean’ lanak irabazi du. Lan honetan gazte ondarrutarrek ederto islatu dute euren egunerokotasunean bizi dituzten genero-rolen eta estereotipoen eragina eta mikromatxismoak. Baina, batez ere oso mezu eraldatzailea eta proaktiboa bota dute eta ikuslearen arreta deitzea lortu dute, sexismoarekin amaitzea guztion lana dela argi utziz.  

“¿Por qué?deitutako lanak jaso du bigarren kategoriako aipamen berezia. Berangoko Enara Alonsok ikusleak desberdintasunaren eta diskriminazioari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu eta guzti horien artean dagoen intersekzionalitatea zer den ulertzea oso ondo lortzen du. 

Hirugarren eta azken kategorian, 19 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta, ‘Oldartu/Rebélate’ lanak jaso du lehenengo saria. Bilboko neska talde batek Euskal Herriko Unibertsitatearen bidez aurkeztutako ikus-entzunezko lan honetan emakumeek aurre egin behar dituzten indarkerien aurrean jarrera aktiboa eta  ahalduntzailea erakusten da eta lan hau egiteko aurretiko talde lan handia egon dela nabaritzen da. 

Kasu honetan aipamen berezia EHUtik aurkeztutako beste lan batek jaso du: ‘Gure Misioa’, Lan honetan, neska gasteiztar talde honek oso ondo azaldu du umorearen bitartez emakumeek jasaten duten kaleko jazarpena etxera joateko bidean eta oso mezu argia bota dute: beldurra ez da txantxa. Lan honen bidez emakumeek bere burua defendatzeko eskubidea dutela argi uzten dute, autodefentsa feministaren balioa eta beharra aldarrikatuz.

Azkenik, aurtengo edizioan bi sari gehiago egon dira: partehartzearen saria eta ikus-entzunezko lanik onena.

Lehenengoa azaroaren 11 eta 13aren artean Beldur Barik-eko webgunean bozka gehien jaso duen lanari eman zaio: ‘Oldartu/Rebélate’. 2597 bozka jasota, lan honek sari bikoitza jaso du aurten.

Ikus-entzunezko lanik onena Hernanitik aurkeztutako ‘Errebelazioa’ izan da. Uxue Bereziartua oso kalitate tekniko altuarekin isladatu egin ditu gorputzen eta identitateen aniztasuna, sexualitatea eta afektuak poesia erabiliz eta musika eta irudiak tartekatuz.  

Beldur Barik  gazteentzako erreferentzia programa da

Bizitzen ari garen pandemia eta honek sortu dituen ez ohiko baldintzak kontuan hartuta, aurkeztu diren lanen zenbatekoa altua izan da aurtengo Beldur Barik ikus-entzuneko lehiaketan. 200 lan baino gehiago, horietako gehienak taldean eginak. Horrek adierazten du Beldur Barik erreferente finkatua dela gazteen artean.

 

 

 
Euskadi, auzolana