Euskadi.eus logotipoa

Berdintasunerako XVI. Guneak ehun entitate ezberdinek antolatutako 140 jarduera eskainiko ditu hiru hilabetetan zehar

2019.eko urriak 08

  • Emakundek Gunearekin bilatzen duen helburua hainbat erakunde eta elkartek berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da
  • Aurtengo leloa da “Erabakitzen dudana izango naiz” eta emakume eta nesken ahalduntzean dago oinarrituta
  • Gune ibiltari batek hainbat herri ta hirietatik zabalduko ditu Gunearen leloarekin zerikusia duten  mezu eta ekintzak 

 

Urriaren 8tik eta abenduaren 13a bitartean ospatuko den 2019ko Berdintasunerako Guneak berdintasunaren inguruan ekintzak antolatuko dituzten  ehun entitateren indarrak batzea lortu du  “Erabakitzen dudana izango naiz”  lelopean. 140 jarduera daude iragarrita, Emakunderen koordinaziopean, eta azkeneko urteetan bezala, gune ibiltari bat erabiliko da hainbat ekintzen egoitza moduan.  Gunearen helburua hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da.

 

Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek, eta testuinguru horretan urtero jartzen du martxan Berdintasunerako gunea. Hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzeko asmoz sortu zuen Emakundek 2004. urtean Berdintasunerako Gunea. Azkeneko edizioetan ardatz edo gai nagusi bat du guneak eta antolatzen diren ekitaldi guztiek, edozein esparru edo arlokoak izanik, ardatz horrekin lotura izan behar dute.

Aurtengo leloa da “Erabakitzen dudana izango naiz”, Emakundek martxoaren 8an erabilitakoa,  eta emakumeen eta nesken ahalduntzea eta haien eskubideen defentsa du ardatz. Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) 5. xedea gogoratzen da ekimen honekin: “Emakume eta nesken ahalduntzea eta genero berdintasuna”. Emakume eta neskek beraien etorkizuna genero mugarik gabe, modu aske batean eta berdintasunean, aukeratzeko eskubidean oinarritzen da Berdintasunerako Gunearen lelo nagusia.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, “zabaldu nahi dugun mezua da neska askok beraien ahalduntasunerako pausuak eman dituztela, prest daudela, inoiz baino kontzienteagoak direla beraien eskubideez, eta orain jendarteak beraien eskakizunei erantzun behar diela”.  

Mezu hau ardatz hartuta 100 entitate ezberdinek 140 jarduera antolatu dituzte Euskal Herriko herri eta hiriburu ezberdinetan urriaren 8a eta abenduaren 13a bitartean. Antolatzaileen artean erakunde publikoak, enpresak, elkarteak, fundazioak, sindikatuak eta abar, daude. Eta antolatu diren ekintzak era askotakoak dira: hitzaldiak, mintegiak, erakusketak, mahai inguruak, tertuliak eta abar, hainbat hiri eta herrietan.

Gune ibiltaria

Aurten ere, aurreko urteetako esperientzia ona ikusita, gune ibiltari bat erabiliko da hainbat ekintzetarako gune moduan, jarduerak beste hainbat egoitzetan ere antolatuko badira ere. Entitate ezberdinen ekintzak programatuta ez dauden orduetan, gune ibiltaria eskoletako ikasle taldeekin eta bestelako taldeekin antolatu diren ekintzetarako sentsibilizaziorako ikasgela izango da. Bertan berdintasunean adituak diren bi pertsona tekniko izango dira une oro.

Gunearen programa osoa honako helbidean: PROGRAMA

 
Euskadi, auzolana