Euskadi.eus logotipoa

Berdintasunean, parte hartze politikoan eta emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan duen esperientzia aurkeztu du Euskadik El Salvadorren

2019.eko ekainak 06

  • “Emakumeen parte hartzea udalen eremuan” jardunaldia El Salvadorreko Nazio Batuak Emakumeak eta Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA) arteko hitzarmen baten testuinguruan kokatzen da
  • GLEAk, Emakundek eta EUDELek EAEko esperientziak azaldu dituzte, besteak beste, tokiko emakumeen sareak, Berdinsarea eta Basqueskola emakume alkate eta zinegotzientzako ahalduntze espazioa      
  • UNI-MUJER ODAC-ek eta Euskal agentziak finantziatutako zinegotzien prestakuntzarako esperientziak ere ezagutu dira  

 

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkaritza batek, Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA) ordezkariekin batera, egun hauetan El Salvadorren ospatu den Berdintasun eta emakumeen kontrako indarkeriari buruzko esperientzia trukaketa batean parte hartu du. “Emakumeen parte hartzea udalen eremuan” jardunaldia El Salvadorreko Nazio Batuak Emakumeak eta Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren arteko hitzarmen baten testuinguruan kokatzen da. Euskal agentziak finantzatzen du foro hau eta honen helburua da EAEn eta El Salvadorren udal mailan berdintasuna eta emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan ematen diren esperientziak partekatzea.

GLEAren ordezkaria den Maite Garmendiak, El Salvadorreko Nazio Batuak Emakumeak erakundeko Miriam Bandesek eta Nuevo Cuscatlaneko alkate ohia den Michelle Solek ireki dute foroa. Honetan bi gai nagusi landu dira: Berdintasuna eta emakumeen kontrako indarkeria, alde batetik, eta emakumeen parte hartze politikoa bestetik.   Garmendiak azaldu duenez, “garrantzitsua da honelako trukaketa espazioak erraztea berdintasunaren aldeko sareak indartzeko”.

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, “Legeak eta emakumeen kontrako indarkeria politikaren eremuan” izenburuko ponentzia aurkeztu du, eta honen bitartez azaldu du beharrezkoa dela politikaren esparruan ematen den emakumeen kontrako indarkeria ikusaraztea, izan ere, neurri haundi batean ezkutaturik dagoen arazo bat baita. Landaidaren esanetan, “politikoki aktiboak diren emakumeen kontrako indarkeriak zaildu egiten du berdintasunean oinarritutako politikak bultzatuko dituen demokrazia bat eraikitzea”. Landaidaren ustez garrantzitsua da datuak izatea, neurri handi batean ikusezina den arazo hau ikusarazteko eta horrela prebentziorako neurriak martxan jartzeko. Legeek honetan duten garrantzia azpimarratu du baita ere.   Honekin batera, Landaidak azaldu du beharrezkoa dela, besteak beste, emakumeen ahalduntzea bultzatzen jarraitzea eta adibide gisa emakume hautetsientzako ahalduntze espazioa den Virginia Wolf Basque Eskola aipatu du, eta honekin batera Berdinsarea - Berdintasunaren aldeko eta Emakumeekiko Bortizkeriaren kontrako Euskal Udalerrien Sarea-. Adierazi duenez, trukerako foro izateaz gain, udaletako berdintasun arloetan aritzen diren teknikarien artean lana koordinatzeko gunea da.

Parte-hartze politikoa eta lidergoa

Josune Irabienek -EUDELen ordezkari eta Amurrioko jarduneko alkatea denak, ‘Virginia Woolf Basqueskola’ barruan hainbat alderdi politikotako emakume hautetsien arteko elkarlana nabarmendu du. Irabienek adierazi zuen euskal Udaletan emakumeak solasteko, prestatzeko eta ahalduntzeko dagoen gune hau indartu eta bere eragina handitu nahi duela 2019-2013ko legealdi berri honetan.

Irabienek azaldu du "nola arlo politikoan dabiltzan eta bereziki hautetsiak diren emakumeek izaten dituzten segurtasun-falta, urrakortasun eta beldurren atzean dauden jokabideetan egiten dela lan Basqueskolan." 2017tik egiten ari diren lanen artean dugu oraingo parte-hartze politikaren eredu eta estereotipoetan sakontzea, lidergoa kudeatzeko bestelako era eta estrategiak bilatzeko eta horrela, politikaren esparrua espazio berdinzaleagoa izateko.

Basqueskolaren ordezkariak nabarmendu duenez, ekimen aitzindari honen helburua "hautetsiak erakarri eta euren lanean laguntzea" nahi du, emakumeen artean aliantzak egiteko eta ondo antolatzeko gai bagara, edozein aldaketa egin ahal izango dugulako.

Egun hauetan El Salvadorreko beste emakume hautetsiek, lehenengo eskutik, euskal udaletan garatzen ari diren esperientziak ezagutu ahal izango dituzte, besteak beste: familia eta lana bateragarri egitea, ordezkaritza duten emakumeen parte-hartzea eta eragiten jakitea, edo datorren ekainaren 15ean udaletan hasiko diren emakume hautetsi berrien harreraren bidez ezagutzaren transferentzia.

Munduko hainbat herrialdetako emakume hautetsien arteko aliantza hauen helburua hauxe da: berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko aldaketarako eragile gisa emakumeek duten zeregin politikoa indartzea eta ikustaratzea da, udal komunitate integratzaileago eta iraunkorragoetan.

Alkate eta emakume liderrekin bilerak

Euskal ordezkaritza bisita egin ditu baita ere Santa Anako UNIMUJER-ODAC indarkeria jaso duten emakumeentzako arretarako espaziora, Euskal agentziaren finantziazioa izan duen espaziora. Honekin batera, “Preparándome para gobernar” izenburuko ikastaroan parte hartzen ari diren hamabost hautetsiekin bildu dira. Ikastaro hau Salvadorreko alkate, sindiko eta erregidoreen elkarteak (Asociación Nacional de Regidoras, Síndicas y Alcaldesas Salvadoreñas -ANDRYSAS) antolatu du Nazio Batuak Emakumeak eta Garapenerako Euskal agentziaren laguntzarekin sinatutako hitzarmenaren testuinguruan.

 
Euskadi, auzolana