Euskadi.eus logotipoa

Osasun arloko monografikoa: emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei ematen zaien arretaren nazioarteko kalitate-estandarrak

2018-10-04_jornada_ONU_Osakidetza.jpg

2018.eko urriak 04

Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei ematen zaien arretaren nazioarteko kalitate estandarrei buruzko jardunaldia ospatu da gaur goizean, Osakidetzako Bizkaiko ordezkaritzan. Osasun arloari buruzko jardunaldi monografikoa izan da eta Emakunde Nazio Batuetako zenbait agentziekin (UNFPA eta UN Women, besteak beste) burutzen ari den kolaborazio lanaren testuinguruan kokatzen da gaurko jardunaldia.

Jardunaldian zehar osasun arloko lan taldeak egindako ekarpenak ezagutu dira. Talde honek genero indarkeriaren biktima direnen atentzioaren hobekuntzan dauden erronkei buruzko hausnarketa egin du. 

Era berean, zenbait praktika on eta ekimen aurkeztu dira, besteak beste, une honetan berritzen ari diren genero indarkeriaren aurrean osasun arloko profesionalen gida, edota erakundeen arteko koordinazioa, mutilazio genitalaren kasuak edota osasun atentzioan ikusoegi biosikozoziala. 

Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, eta Fátima Ansotegik, Osasun saileko Administrazio eta Osasun finantziaziorako sailburuordeak ireki dute jardunaldia. Bukaeran, Osakidetzako Osasun arretako zuzendariak, Andoni Ancelayk, hitz egin du. 

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak esan du nazioarteko programan sortutako taldeek eginiko lana “benetan erabilgarria izaten ari dela; izan ere, horren bidez, Euskadiko arreta-sistematik emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei ematen ari zaien erantzunaren inguruan hausnartzeko aukera ematen ari da; eta, zalantzarik gabe, lagunduko digu gure erkidegoan indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta hobetzen”.

Bestalde, Ansotegik egunero osasun arloko profesionalek indarkeriaren biktima diren emakumeak eta haien seme-alabak artatzeko eta kasuak detektatu eta prebenitzeko egiten duten lana goraipatu du. Osasun saila emakumeen kontrako indarkeriaren aurka guztiz konprometitua dagoela esan du.

Andoni Arcelayk jardunaldia itxi du, azpimarratuz Osakidetzaren partehartze handia bai jardunaldian zein aurretik egindako lanetan, eta Osakidetzaren kolaborazioa eskaini die gainontzeko erakude guztiei emakumeen kontrako indarkeriarekin ahalik eta lasterren bukatzeko.  

Nazioarteko programa

Emakundek Nazio Batuen Erakundeko zenbait agentziarekin parte hartzen du, besteak beste, Nazio Batuen Populazio Funtsarekin (UNFPA) eta NBE Emakumeekin, nazioarteko programa batean (Joint global programme on essential services for women and girls subject to violence); programa horrek helburu du munduan indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko gutxieneko estandarrek zein izan behar duten adostea.

“Indarkeria jasaten duten Emakume eta Neskatoentzako Funtsezko Zerbitzuei buruzko Baterako Programa Globala”ren esparruan, Emakundek EAEn lan-prozesua sustatu du, estandar horiek testatzeko eta arreta-sistema osoak bat egiteko esku hartzeko oinarrizko printzipio eta prozedura batzuen inguruan.

Lan-prozesuak hiru fase eta informazioa biltzeko zenbait estrategia izan ditu, eta horiek arretan inplikatuta dauden erakunde publikoetako 155 pertsona inguru batu ditu, erantzukizun publikoko zerbitzuen erakunde pribatu hornitzaileak, sozietate zibileko erakundeak eta sei jarduera-eremutako beste eragile batzuk (osasuna, justizia, polizia, gizarte-zerbitzuak eta koordinazioa eta gobernamendua).

Programa honen helburua da zehaztea zeintzuk izan behar diren gutxieneko estandarrak emakumeen kontrako indarkeriaren biktima direnak artatzeko. Nazio Batuek hala eskatuta Emakunde nazioarteko programa honetan parte hartzen ari da. Estandar hauek etorkizunean Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak onartzea da helburua, eta bertan ezartzen diren estandarrak eremu poliziala, judiziala, osasunarena eta zerbitzu sozialen eremuak hartzen ditu kontuan.

 
Euskadi, auzolana