Euskadi.eus logotipoa

Berdintasunerako XV. Guneak 86 entitate ezberdinek antolatutako 146 jarduera eskainiko ditu hiru hilabetetan zehar

2018.eko urriak 09

  • Emakundek Gunearekin bilatzen duen helburua hainbat erakunde eta elkartek berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da
  • Aurtengo leloa da “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna”  eta helduek eremu guztietan berdintasunezko ereduak erakusteko duten ardura gogoratzen du
  • Gune ibiltari batek Euskal hiri eta herrietatik zabalduko ditu Gunearen leloarekin zerikusia duten  mezu eta ekintzak 

 

Urriaren 2tik eta abenduaren 15a bitartean ospatzen ari den 2018ko Berdintasunerako Guneak berdintasunaren inguruan ekintzak antolatuko dituzten  86 entitateren indarrak batzea lortu du  “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna”  lelopean. 146 jarduera daude iragarrita, Emakunderen koordinaziopean, eta azkeneko urteetan bezala, gune ibiltari bat erabiliko da hainbat ekintzen egoitza moduan.  Gunearen helburua hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da.

 

Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek, eta testuinguru horretan urtero jartzen du martxan Berdintasunerako gunea. Hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzeko asmoz sortu zuen Emakundek 2004. urtean Berdintasunerako Gunea. Azkeneko edizioetan ardatz edo gai nagusi bat du guneak eta antolatzen diren ekitaldi guztiek, edozein esparru edo arlokoak izanik, ardatz horrekin lotura izan behar dute.

Aurtengo leloa da “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna”, Emakundek martxoaren 8an erabilitakoa,  eta  gizarte berdinzaleagoa eraikitzeko norbanakoak duen erantzukizunari egiten dio erreferentzia.  Izan ere, kanpainaren aurkezpenean, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, “ezin dugu gizarte berdintzailea eraiki, baldin eta eskolak, gurasoek, komunikabideek, enpresek, eta azken finean gizartea osatzen dugun  pertsona guztiok ez badugu erakusten, gure mezuen bidez, eta batez ere gure ekintzen bidez, errespetuan, pertsonen eskubideetan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunetan oinarritutako balioak”.  Landaidak defendatu du, ildo horretan, gure gizartean berdintasunaren aurkako inertzia indartsuak finkatuta daudela kontuan hartuta, “berdintasuna irakatsi ezean, azkenean,  desberdintasuna ikasten dela”.

Gai hau ardatz hartuta 86 entitate ezberdinek 146 jarduera antolatu dituzte Euskal Herriko herri eta hiriburu ezberdinetan  urriaren 2a eta abenduaren 15a bitartean. Antolatzaileen artean erakunde publikoak, enpresak, elkarteak, fundazioak, sindikatuak eta abar, daude. Eta antolatu diren ekintzak era askotakoak dira: hitzaldiak, mintegiak, erakusketak, mahai inguruak, tertuliak eta abar. 93 herri eta hirietan egingo dira.

Gune ibiltaria

Aurten ere, aurreko urteetako esperientzia ona ikusita, gune ibiltari bat erabiliko da hainbat ekintzetarako gune moduan, jarduerak beste hainbat egoitzetan ere antolatuko badira ere. Entitate ezberdinen ekintzak programatuta ez dauden orduetan, gune ibiltaria eskoletako ikasle taldeekin eta bestelako taldeekin antolatu diren ekintzetarako sentsibilizaziorako ikasgela izango da. Bertan berdintasunean adituak diren bi pertsona tekniko izango dira une oro.

Gunearen programa osoa honako helbidean: PROGRAMA

 
Euskadi, auzolana